martes, 28 de febrero de 2017

Talde oroitzapenak eta Curriculum-a

Nik parte hartzen dudan taldean amankomunean ditugun haurtzaroko oroimenak sei multzotan sailkatu ditugu, eta honako hauek dira:
1.    Objektu bereziak
2.    Bidaiak
3.    Lagunak
4.    Jai bereziak
5.    Errege Magoak
6.    Jantziak

Objektu bereziak
Atal honetan, bakoitzak objektu preziatu bat dauka eta hauek zoriontasunez oroitzen ditugu, hala nola, puzzleak eta pelutxeak.

Gure ustez, txikiak ginenean, objektu bakoitzak sentsazio ezberdin bat transmititzen  zigun, pelutxeak segurtasuna eta puzzleak aprezioa ematen zigun.

Segurtasunaren aldetik, panpinarekin gindoazen leku guztietara, ohera, adibidez. Ohera joateko momentua iristen zenean, eta gainera, gurasorik gabe lo egin behar genuenean,  oso gogorra egiten zitzaigun bakarrik lo egitea, horregatik gure atxikimendua objektu batengan ipintzen genuen. Panpin horiek ere eskolara joaten laguntzen ziguten, gure lagunei aurkezten genien, gure momenturik txarrenetan zeuden, haiekin egiten genituen elkarrizketarik intimoenak, eta gainera, gure negarrak eta kolpeak jasan behar zituzten haserretzen ginenean.

Bidaiak
Bidaiei dagokienez, garrantzitsuak izan dira gauza berriak ikasteko eta jende berria ezagutzeko. Bidaia egiten bitartean, batez ere kotxean joatean, mila gauza ikusten dira: ibaia, mendiak, animaliak, formadun hodeiak, leihotik jaisten diren ur tanten lasterketak (euria egiten badu)... Aldiz, itsasontzi batean bidaiatzen badugu, ur-uhinak, olatuak edo garraio berak uzten duen arrastoa. Ondorioz, partaideok azpimarratzen duguna bidaietan ikasten diren gauzak dira. Bidaietan, partaideok lagunak egin ditugu, parkeetan geundela edota jatetxe baten patioan.

Lagunak
Betidanik izan ditugu gure adin berdineko lagun talde bat, bai ikastolan, bai ikastolatik kanpo, parkean ezagutzen ditugunak esaterako. Lagun horiek edukitzeak gizarteratzen lagundu ginduten, zeren eta lagunak izanda errazagoa da beste haur batzuengana gerturatzea gure autoestimua handiagoa delako eta harremanak lantzen ditugulako. Horretaz gain, lagunak izateak laguntzen gaitu gure autonomia garatzen, haiekin denbora pasaz gure gurasoengandik aldentzen garelako gauzak berriak gure kabuz eginez. Haur guztiok bagenuen lagun hoberen bat klasean edo klasetik kanpo. Hau irakurtzean lagun hori etortzen zaigu burura. Egoera txarretan, onetan, zigorretan, baita sarietan egoten zen laguna. Parkera joaten zinenean zurekin zihoana. Garrantzitsuena da gaur egun ere lagun berezi horrekin harreman ona dagoela. Egun txarra baduzula hor egongo da zuri irribarre bat ateratzeko.

Jai bereziak
Gaur egun ospatzen ditugun bezala, Haur Hezkuntzan ere ospatzen genituen, baina garai horretan askoz gehiago sentitzen eta disfrutatzen genituen. Txikiak ginenean, irrikatan geunden Danborrada egunean danborra jotzeko eta Inauterietan kalera mozorrotuta ateratzeko. Adibidez, partaide batek eskolako jaialdian bertsoak kantatzen zituen berak sortutakoak bere herriko zineman. Oso urduri jartzen ginen jaialdi bakoitzean, behin prest geundela, gurasoen aurrean jartzeko. Urduri horiek nahiz eta oso atseginak ez izan, egoera berezia izatea egiten zuen, gu garrantzitsuak sentitzen ginelako. Baina, Danborrada eta Inauteriaz gain, eskolatik kanpo ospatzen genituen jaialdiak oroimen politak bezala ditugu. Adibidez, partaide batek “La Conchako Bahian” egiten zuen ballet emanaldia. Azkenik, esan beharra dago bizipen hauek egiten jarraitzen ditugula gizarteko ohiturak direlako, baina duela urte batzuk baino ilusio gutxiagorekin.

Errege Magoak
Errege Magoak dira denok zoriontasun handiz oroitzen ditugunak. Hirurek opariak ekartzen zizkiguten Urtarrilaren 6an, eta nola ez, aurreko arratsaldean haiek ikustera joaten ginen herriko kaleen inguruan. Lehenengo Meltxor, bigarren Gaspar eta hirugarren Baltasar, pasatzen zirenean beren izenak oihukatzen genituen gozokiak botatzeko eta, batez ere, nahi genituen opariak hurrengo goizean gure zapatila ondoan ikusteko. Txikiak ginenean oso pozik ginen ipuin horrekin, amets horrekin. “Ondo portatu, bestela erregeek ez dizute ezer ekarriko. Erregeak Magoak dira gau batean haur guztiei opariak banatzen dizkietelako eta oso nekatuak etortzen direnez, gameluei esnea eta haiei galletak utzi behar dizkiegu”.

Orain dena ezberdina da. Gure rola ez da erregeen aurrean jarrera egokia edukitzea, nahi ditugun opariak bereganatzeko, baizik eta haurrei jakinarazi jarrera egokia izan behar dutela opariak bereganatzeko. Gure rola zoriontasuna eta ilusioa transmititzea da.

Jantziak
Partaideok amankomunean dugun zerbait jantziak dira, bai inauterietakoak edo bai egunerokoan kalera eramaten genituen jantziak. Jantzi bereziekin, beste pertsonen lekuan jartzen ginen eta horrela rolak ikasten genituen. Hain zoriontsuak ginen beste pertsona baten rolean jartzen… Ondorioz, gogo asko genituen inauterietan mozorroak jartzeko. Baina hortaz aparte, gehienok eduki dugu elementuren bat gure armairuan gogotsuagoa. Partaide bat, adibidez, egunero ateratzen zen kalera txapel gorri batekin, beisbol jokalari bat izango balitz bezala. Beste batek, ordea, ez zen egunero jantzi batekin ateratzen, baina, bere arrebarekin argazki bat dauka non pajaritadun jantzi batekin ateratzen den. Jantzi hori oraindik armairuan dauka eta oso gustukoa du oso dotorea delako.

Curriculum-a

Jai bereziak
Curriculum mota (2): Nortasunaren eraikuntzaren eta komunikazioaren eta adierazpenaren eremua:
 (Ballet):
     Gorputz-adierazpena.                   
     Keinuak.
     Abilezia.
     Trebetasunak.
(Bertsoak):
     Hitzezko eta musika hizkuntza.
     Sormena, erritmoa eta kantuak.
     Kultura, tradizioak.

Helburuei dagokienez, emozioak eta sentimenduak, ahozko-hizkuntza, antzerkia eta musika adieraztea dira.

Edukiei begira, Lehen zikloa:
  • Hitzezko komunikazioa (1.multzoa): ahotsa deskubritzea eta probatzea.
  • Gorputz hezkuntza (2.multzoa): dantza, mugimendua, keinua eta adierazkortasuna.

Ebaluazio irizpideak: 1) Askotariko hizkuntza erabiltzea sentsazioak, emozioak, beharrizanak eta gogoak ezagutu adierazi eta erregulatzeko: askotariko komunikazio-estrategiak erabiltzen ditu (hitzezkoak, gorputzaren erabilera, musika..) bere emozioak, bizipenak, sentsazioak eta gogoak adierazteko.

Objektu bereziak
Curriculum mota (1): Nortasunaren eraikuntzaren eta ingurune fisiko eta sozialaren ezagueraren eremua:
     Errespetu-jarrerak.
     Independentzia gehiago.
     Afektibitatea.
     Autoestimua.
     Jokabide beldurtiak.
     Sexua eta generoak.
     Antzekotasunak ordenatzea.
     Haurren arreta erakarri.

Helburuei dagokienez, ongizate emozionala, segurtasun afektiboa finkatu, konfiantza sentimendua, segurtasunez eta autonomiaz jardutea dira.

Edukiak erreparatuz,  Lehen zikloa:
  • Nortasuna eraikitzea (1.multzoa): gero eta konfiantza handiagoa izatea norberaren ahalmen motorretan. Ekintzarako ekimena eta trebetasun berriak ikasteko jakin-mina izatea, eta eskuen erabilera fineko trebetasunak koordinatzen eta kontrolatzen hastea.
Ebaluazio irizpideak: 2) Trebetasun motorrak eta eskuak erabiltzeko abileziak hobetzea. Gero eta autonomia handiagoz ebaztea eguneroko arazoak.

Lagunak
Curriculum mota (1): Nortasunaren eraikuntzaren eta ingurune fisiko eta sozialaren ezagueraren eremua:
     Errespetu-jarrerak.
     Bere burua ezagutzeko erreferentziak.
     Mugak ezagutu nortasunaren eraikuntzan.
     Independentzia handiagoak.
     Afektibitatea.
     Autoestimua.
     Sexu eta genero nortasunak.
     Antzekotasunak ordenatzea.
     Eskola partaide izatea.
     Ikuspegi integratzailea.

Helburuei dagokienez, norbera pertsona berezia da, ongizate emozionala, segurtasun afektiboa finkatu, konfiantza sentimendua, errespetu, laguntza eta lankidetzako jarrerak lantzea, segurtasunez eta autonomiaz jarduteko dira.

Edukiak erreparatuz, Lehen zikloa:
  • Nortasuna eraikitzea (1.multzoa): norberaren eta gainerako pertsonen sentimenduak, emozioak, oinarrizko beharrizanak eta interesak adieraztea, identifikatzea eta erregulatzen hastea. Laguntza onartzea eta hura bilatzea.
Ebaluazioa irizpideak: 4) Jolasetan parte hartzea eta gero eta gehiago erregulatzea sentimenduen eta emozioen adierazpena.

Bidaiak
Curriculum mota (1): Nortasunaren eraikuntzaren eta ingurune fisiko eta sozialaren ezagueraren eremua:
     Independentzia.
     Esperientzia.
     Natura.
     Familiako partaide sentitzea.

Helburuei dagokienez, ingurune fisikoak arakatzea eta esperimentatzea, ingurune fisiko eta soziala behatu eta aztertu.

Edukiak erreparatuz, Lehen zikloa:
  • Hartu-emanak ingurune fisiko eta naturarekin (3.multzoa): Espazioak behatzea eta arakatzea, eta haietan dauden objektuak erabiltzea zentzumen eta ekintzen bidez, jolasak erabiltzea ingurune fisikoa esploratzeko, naturako elementuak eta fenomenoak behatzeko interesa izatea.


Ebaluazio irizpideak: 5) Inguruneko elementu behaketaren, eskuzko erabileraren eta esplorazioaren bidez deskubritzeko jakin mina adieraztea. Lekuetan orientatzea eta kokatzea oinarrizko espazio nozioak egoki erabilita.

Jantziak
Curriculum mota (2): Nortasunaren eraikuntzaren eta komunikazioaren eta adierazpenaren eremua.
     Hizkuntza artistikoa.
     Sentimenduak eta emozioak.
     Sormena.
     Gorputzaren mugimendua.
     Errealitatea adierazi.
     Kultura, tradizioak.

Helburuei dagokienez, kultura batzuk deskubritu eta errespetatu.

Edukiei begira, Lehen zikloa:
  • Gorputz hezkuntza (2.multzoa): Dramatizazio eta imitazioko jolasetan, dantzetan eta gorputz-adierazpena darabilten bestelako jolas-jardueretan parte hartzeko interesa izatea.
Ebaluazio irizpideak: 6) Materialak eta teknikak erabiliz adieraztea eta komunikatzea: haiekin egiten direnak gozatzeko eta gainerako pertsonekin bizipen estetikoak eta komunikazioak konpartitzeko.

Errege Magoak
Curriculum mota (2): Nortasunaren eraikuntzaren eta komunikazioaren eta adierazpenaren eremua.
     Tradizioak, kultura,
     Emozioak eta sentimenduak,
     Esperientzia.

Helburuei dagokienez, emozioak eta sentimenduak, kultura batzuk deskubritu eta errespetatu.

Edukiei begira, Bigarren zikloa:
  • Gorputz hezkuntza (2.multzoa): Gainerako pertsonen adierazpen eta azalpen eta antzezpenekiko.
Ebaluazio irizpideak: 6) Materialak eta teknikak erabiliz adieraztea eta komunikatzea: gogoz eta arretaz begiratzen ditu askotariko kultura-adierazpenak eta gainerako pertsonek egindako kultura-ekoizpena.

martes, 7 de febrero de 2017

Argazki elkarrizketa

Zeintzuk dira nire Haur Hezkuntza etapa konfiguratzen dituzten argazkiak?

Nola eragin dit orain dudan maisu-maistra irudia sortzen?


Gabon!!
Blog honi hasiera emateko, nire haurtzaroari buruzko argazki elkarrizketa batekin hasiko naiz, hau da, argazki batzuen bidez nire haurtzaroa deskribatuko dut. HASI GAITEZEN!

Edurne Zuri




Edurne Zuri eta zazpi ipotxen puzzlearekin hasiko naiz, nire lehenengo puzzlea izan zelako. Bi puzzle dira berez, ikus daitekeen bezala, eta 9 pieza ditu bakoitzak. Ez naiz asko gogoratzen honetaz, bakarrik askotan egin eta desegin izan dudala, baita apurtu ere.

Lehen Gabonak Haur Hezkuntzan


2000.urtean hasi nuen ikastola eta urte hartan nire lehenengo Gabon-saioa egin nuen. Ikusten den bezala, nire kideak eta ni tren bat gara eta, bata bestearen atzetik, eszenatokitik mugitzen gara, gurasoak agurtzen eta dena ikuskatzen.

3 urteko gela



Argazki honetan hiru urte ditut eta, izenburuan irakurri den bezala, nire gela da. Ez gaude kide guztiak, baina bai gehienak. Gelako argazkiak irailan edo urrian egiten ziren gutxi gorabehera eta abenduan ematen zizkiguten. 

Pinguino-mozorroa



Hau nire lehen mozorroetako bat da, pinguino dotore batena. Argazki hau etxeko egongelan egin zen eta uste dut ikastolara joan baino lehen egin zela, zeren bertara mozorrotuta joateko eskatu ziguten Inauteriak ospatzeko.

Orexa


Argazki hau ekainean egin genuen azken txangoan atera zen, oporrak baino lehen. Ez naiz ezertaz gogoratzen, baina amak esan zidan klaseko lau Orexara (Tolosaldea, Gipuzkoa) joan ginela, gu baino urte bat handiagoak ziren klasearekin.

Gaspar


Argazki honetan 4 urte ditut eta gogoko nuen Errege Magoarekin nago. Errege Eguna baino lehen atera zen argazki hau, Garberako merkatal-gunean. Oso ondo gogoratzen dut egun hau. Nik gutuna Meltxor-eri ematekotan nengoen, baina ez nintzen ohartu ume asko zeudela bere inguruan. Amak esan zidan beste bi Errege zeudela (bakarrik), gutuna jasotzeko prest. Beraz, Gaspar-eri eman nion gutuna.

Azken Gabonak Haur Hezkuntzan


Hau da gehien gustatzen zaidan argazkia. 5 urte ditut hemen eta nire azken Gabon-saioa zen Haur Hezkuntzan. Burutu genuen antzezlana Jesusen jaiotza izan zen eta ni Mariaren papera egin nuen. Oso pozik nengoen, "protagonista" nintzelako eta, batez ere, arrosa koloreko jantzi bat neramalako.

Santo Tomas eguna


Gabon-saioaren egun batzuk ondoren, Santo Tomas eguna iritsi zen (ñam, txistorra). Aurreko argazki batzuetan bezala, ez naiz gogoratzen egun honetaz, baina bai egiten ari nintzenaz. Goizean, amak esan zidan argazkietarako eskuak gerrian jartzea eta irribarre egitea. Esan eta egin, egun horretan atera ziren argazki guztietan jarrera berdinarekin agertzen naiz.

Leitza


6 urterekin Haur Hezkuntzako azken txangoa egin nuen gelakoekin, Leitzan (Leitzaldea, Nafarroa). Bertan zegoen baserri batera joan ginen gau bat pasatzera. Oroitzapen askeak ditut irteera honi buruz: soka-saltoan jolastu genuen (ardoa, ogia, gatza, gatza...), sugandila bat harrapatzen saiatu ginen...

Kantinera nagusia


Danborrada!! Azkenean!! Lehen Hezkuntzara iristean, lehenengo mailan, kantinera edo gastadore bezala atera ginen lehen aldiz, ez danborra edo barrila jotzen. Gogoan dut ni izan nintzela Kantinera Nagusia, Banderadunaren ondoan dagoen Kantinera hain zuzen, zozketa batean horrela gertatu baitzen. Zozketa hura egin zenean, ni ez nintzen ezertaz enteratu, eta ez nekien zergatik eta zertarako atera zen nire izena, ezta zergatik mehatxatu ninduen lagun bat esanez ez zidala berriro hitz egingo, ezta barkatuko ere (zer egin nuen nik?). Geroago azaldu zidaten Kantinera Nagusia izango nintzela eta... bueno, ulertzen da, ez?. Hoberena izan zen Antzoki Zaharrera joan behar nintzela Kantinera Nagusia nintzelako eta, beraz, klase galduko nuela.